2019-12-14

TXISTULARIEI OMENALDIA

Aspaldi ezer sartu gabe egon gara. Iaz udalak txanbolin txistulari banda omendu zuen eta horra Mendiluzeren bertsoak


Txistuak bere toki bat
badu festa barrenean
parranda osteko diana bat
nork ez du oroimenean
oharkabean pasa daiteke
entzuten ari denean
baina guztioi falta ohi zaigu
ixilik dagoenean.

Txistularirik ezean
dantza taldeak zer ote
goizeko dianarik gabe
herria lotan legoke
inor baino lehen esnatzen dira
txistu danbolin silbote
ta herriaren festa nahiari
doinua jartzen diote.

Garai batean kanpotik
etortzen ziren herrira
Justo ta Anttonen eskutik
bertan izan du segida
gero Txanbolin sortu zen eta
lan dotorean ari da
guztioi esker txistu doinuak
luzaro entzungo dira.